Kiniela politikoa

Hau idazten nagoen unean hiru egun falta dira Espainiako legebiltzarraren hauteskundeetarako. Hau irakurtzen duzuenean jada emaitzen berri izango duzue. Ordurako bi galdera nagusik erantzuna izango dute: nork gobernatuko du Espainia hurrengo lau urteetan eta zenbat boto/aulki lortuko ditu Voxek. Hego Euskal Herriko bi erkidegoen etorkizunean eragin handia izan dezakete bi kontu horiek. Ni, orain, hauteskundeen emaitzak datorren asteko etorkizunean kokaturik daudela, kiniela politikoa egitera ausartuko naiz.

Baina lehenik esan dezadan zerbait erabili dudan azterbideaz. Ez dut inkestetara ez argudio arrazionaletara jo, nire uste tinkoa baita horiek ez digutela egungo politika ulertzeko balio. Inkesten arabera, zortzi milioi boto-emaile (hautesleriaren %41) zalantzati daude. Atera kontuak. Politika inoiz baino polarizatuago dagoen unean jendea inoiz baino zalantzatiago. Erabil dezagun analogia bat polarizazio maila hobeto ulertzeko. Mahai gainean bi janari dituzu eta soilik bietako bat jan dezakezu: patata erdi gordin bat edo griselan erretako kiloko txuleta. Hauteslea: “ah, bada ez dakit, zalantzati nago”. Hala da, Spain is different.

Nire azterbideak askoz joko gehiago ematen du: zozketaz erantzun ditut goiko galdera biak. Fededun teista ez naizen arren, supertizio zalea naiz, amorratua gainera. Lehen galdera alfabetoko letrak boltsa batean sartuz eta haietako bat ateraz erantzun dut. Letrek hitzak osatzen dituzte eta hitzek ideiak. “Z” atera zait. Zurullo? Zarrapastroso? Zombi? Zapatero? Bigarrena erantzuteko, aldiz, 0tik 9ra arteko zenbakiak boltsa berdinean sartu eta bi zenbaki atera ditut, asteburuan Athleticak Alavesari bi gol sartuko dizkiolako. “1” eta “3” atera zaizkit, 13. Milioi bozka? Legebiltzarreko aulkiak? Bozken ehunekoa? Frankismoaren nostalgikoek merezi duten zenbakia?

Utzi iruzkina