Lisboa eta Albacete

Posted 12 martxoa 2008 by XL
Kategoriak: Gogoetak

Kongresu batean hitz egitera joan nintzen Lisboara iragan asteko asteazkenean. Lau eguneko kongresua zen eta niri larunbatean zegokidan aurkezpena egitea, Bilbo eta Cadizeko XVIII. mendeko merkatarien inguruan. Eguraldia itzela, janaria itzela, jendea itzela, hiria sekulakoa, eta nire lehen aldia Lisboan. Beraz kongresutik ez nintzen larunbata arte azaldu ere egin, eta orduan ere nire hamabost minutuko hitzaldia eman bezain laister korrika bueltatu nintzen Bairro Altoko tabernetara. Sekulako makallaoa afaldu nuen Rua Atalaiako jatetxe batean, vino verde botila batekin. Nola ez naiz ni lehenago Lisboara joan.

Kurrikulum potoloago bat izateko grinak bultzatzen nau kongresuetara joatera, etorkizunean horrek mesede egingo didalakoan, unibertsitatean historialariontzat lanpostu berriak sortuko dituztelako esperantzarekin. Esperantza ustela, noski. Gainera kongresuek ez dute ia ezertarako balio, ez bada turismo apur bat egiteko. Arazoa da ez direla beti Lisboa bezain hiri ederretan antolatzen. Erredios, Albaceten antolatu beste kongresu batean izan nintzen iragan abenduan. Albaceteko udaletxean geundela, han antolatu ziguten harrera-lunchera sartzen ari ginela, lagun madrildar batek bere aitonari entzudako esamolde eder bat bota zuen bat-batean: “Albacete, caga y vete”.

carreia28.jpg

Blognobelen inguruan

Posted 23 otsaila 2008 by XL
Kategoriak: Gogoetak

Badira eleberri bat idazteko blog bat darabilten idazleak. Blognobela sasigeneroaren aipamenik ez da oraindik wikipedian ageri, ez euskerazkoan, ez gaztelerazkoan, ezta ingelerazkoan. Hala ere egon baudaude blognobela ugari sarean. Batzuk blognobela direla argi esaten dizuten bitartean, besteek, gehienek, ez dute blognobela hitza erabiltzen, ziur aski hitzaren erabilpen esplizituak blognobelaren helburu edo efektuetako bat hondatzen duelako: irakurleari irakurtzen ari dena egia dela pentsaraztea. Milaka blog daude Bridget Jones’s Diary famatuaren estilora idatziak, berez blognobela bezala sailka daitezkeenak. Pertsonaia egiazkoa dirudi (batzutan egiazkoa izan daiteke, baina beti sortzen da zalantza gertatzen zaizkion gauzak ikusita) eta irakurleek, iruzkinen bitartez, zuzenean pertsonaiarekin mintzatzen dira, gomendioak emateko, animatzeko, edo besterik gabe astakeriak esateko.

Euskerazkorik ez dut ezagutzen, bai aldiz gazteleraz idatzitako zenbait. Seguruenera gaztelerazko blognobela famatuenak Hernán Casciarirenak dira (ikus, adibidez, Weblog de una mujer gorda eta Diario de Letizia Ortiz). Casciari berak blognobelagile hasiberrientzako zenbait gomendio ere eman izan ditu. Gomendiootako batzuk hauek dira: 1) Lehen pertsonan idatzi behar da istorioari sinesgarritasuna emateko; 2) Orainean gertatzen da istorioa, ez iragan urrun batean; 3) Pertsonaiak egiazko gizasemeak direla pentsatu behar du irakurleak eta haiekin mintzatzeko aurkera izan behar du. Gomendio hauek (beste asko ere ematen ditu Casciarik) iruditzen zait blognobelaren aukerak murriztu egiten dituztela. Zergatik lehen pertsona? Zergatik oraina soilik? Zergatik benetakoak diruditen pertsonaiak? Iruditzen zait blognobelak aukera askoz gehiago ematen dituela.

Aste pare bat daramat Cautivador deritzan blognobela bat jarraitzen (egileak dioenaren arabera, Truman Capoteren estilora, “blognovela de no ficción”, nahiz erabat fikziozkoa izan), eta gauza bereziak aurkitu ditut bertan. Batetik istorio barregarri, pornografiko eta erabat zoroa. Baina horrez gain, istorioa kontatzeko modu berezia. Pertsonai nagusi bat dago baina ez du istorioa berak soilik kontatzen. Beraz berak ez dauka informazio guztia, bai ordea irakurleak. Kapitulu batzuk elkarrizketa hutsean daude idatzita, beste batzuk lehen pertsonan, edo baita hirugarren pertsonan ere. Inoiz (batez ere haserako kapitulu-episodio-post-etan) pertsonaiaren ahotsa soilik entzuten dugu, gai desberdinei buruz bere iritzia emanez. Arazoak ere baditu blognobela honek: zaila da istorioa jarraitzea besterik gabe azken kapitulua irakurriz. Agian alboko zutabean istorioaren laburpenara daraman esteka bat izatea ondo etorriko litzaioke. Hala ere, Casciarik emandako gomendioetatik haratago doan blognobela da Cautivador, agian arrakasta gutxirekin, baina ausardiaz bederen.

Andy Huangen “Doll Face” animazioa

Posted 12 otsaila 2008 by XL
Kategoriak: Gogoetak

Badirudi ordenagailuz egindako animazioek eskaintzen dituzten aukerak mugagabeak direla. Arriskua teknologia hutsaren mendean erortzea da. Itxura ona bai baina ezer gutxi esateko, hori gertatzen da kasu askotan, film komertzialetan behinik behin. Baina teknologia berez tresna oso erabilgarria da lehen mailako artea sortzeko ere. Uste dut azpian dagoen Andy Huangen “Doll Face” animazioa horren adibide argia dela. Filmak (filma baita azken finean) animazioaren bitartez musika, poesia eta narrazioa maisuki konbinatzen ditu. Behin baino gehiagotan ikustea merezi du. Zinez.

Espainiako etxebizitzen arazoa BBCn

Posted 5 otsaila 2008 by XL
Kategoriak: Gogoetak

Hogeitamasei urte ditut eta ez daukat ez etxebizitza propiorik ezta hipotekarik. Ez zait inoiz burutik pasatu etxebizitza bat erostea. Zergatik? Arrazoi ugari daude: 1) ez daukat diru nahikorik; 2) beti iruditu zait gehiegizko lotura eta ardura hipoteka batean sartzea; 3) ez naiz bankuen lagun; 4) ez nekien EHn bizi nahi ote nuen ala atzerrian; 5) etxebizitzen salneurria lotsagarria iruditu zait bet, oraingoa noski, baina baita duela hamar urtekoa ere; eta 6) sekulako beldurra ematen didate erabaki handiek (nik behintzat etxebizitza bat erostea erabaki handitzat jotzen dut). EHko nire lagun gehienek pisua erosi dute azken hamar urteetan. Nik ez ordea. Gainera uste dut ez dudala inoiz etxebizitzarik erosiko. Askotan hitz egiten dut etxebizitzen salneurrien inguruan lagunekin, egungo egoera kritikatuz eta inplizituki eurek hartutako erabakia erabaki okerra dela iradokiz; baina egia zera da: beldur naizela ez ote den nirea izango erabaki okerrena.

Egunotan nahikoa lasai nago kontu horrekin, argi baitago hau ez dela momentu egokiena hipoteka bat eskatzeko. Horren froga ugari ikusten ditugu egunero berrietan. Hala ere, gobernuaren aldetik, eta oro har politikarien partetik, ez da nahikoa hitz egiten asunto horren inguruan. Hauteskunde orokorrak hilabete barru izango dira, eta ziur naiz ez dugula etxebizitzekin gertatzen ari denaren inguruan eztabaida handirik entzungo, ez behintzat gaiak merezi duen beste. Ingalaterran harriduraz ikusten dute estatu espainiarrean gertatzen ari dena, eta ez naiz soilik prezioen igokada susmagarriaz ari. BBCaren arabera hori bezain harrigarria da politikariek gaiaz hitz egiteko duten gogoeza. Ikus bestela ondoko bideoa (azpitituluak gazteleraz daude):

Masturbazioaren joku olinpikoak 2008

Posted 24 urtarrila 2008 by XL
Kategoriak: Gogoetak

Copenhagenen izango da aurtengo Masturbate-a-thon lehiaketa. Iaz San Franciscon izan zen eta duela bi urte Londonen. Errekorrak apurtzeko egiten direla entzuten dugu maiz komunikabideetan, baina masturbazioaren errekorrak gainditzeak lan nahikoa emango die aurtengo parte hartzaileei. ¿Zein da gizonezkoen orgasmo kopuru handiena zakila makurtu gabe? Sei, sei paja bata bestearen ostean. ¿Eta emakumeen errekorra? Ejem, 49 (orgasmo bakoitzeko gutxienez 60 kaloria erre behar direla kontuan hartzen badugu, atera kontuak). Noski, emakumeen kasuan arazoa da zaila dela jakitea orgasmoak benetakoak diren ala ez. Parte hartu nahi duzuenok goiko estekan edo azpiko bideoan aurkituko duzue ekitaldiari buruzko informazio gehiago. Animatzen bazarete garaia da entrenamentu saio gogorrekin hasteko.

España Frikipedian

Posted 15 urtarrila 2008 by XL
Kategoriak: Gogoetak

Duela egun batzuk “truño” hitzaren definizioa googleen bilatzen ari nintzela Frikipedia webgunearekin egin nuen topo. Bost mila termino ingururen definizioak ditu oraingoz Frikipediak. Seguruenera testu gehien daukan sarrera Chuck Norris aktore amerikarrarena da (azken aldian tipoa modan dagoela dirudi), baina badira ez hain frikiak (ala agian bai) diren beste hainbat hitz ere. Hona hemen adibide bat: España. patxifranco.jpgFrikipediaren arabera: “España, República monárquiaizante anarcosocialista-fascistaindependista de carácter liberoconservadurista progresista centralista federalizante totalmente ficticia e inexistente cuya situación geográfica se debate entre Centroamérica, el norte de África y el planeta 458E del sistema solar 5ER-908 de la nebulosa tx7988-porn69 (Ver mapa de la Tierra). España (del íbero spain [del latín Ass Pain]), también llamado Cojonilandia, debido a que todo se hace por cojones, es un pequeño país montañoso dominado por una estatua gigante de mármol del generalísimo Francisco Frasco (El Paquísimo) poblada sobretodo por Ninjas, Hobbits y Tunos. De aquí proviene el homoerectus, el homosapiens, el homosexual y el matrimonio gay.” Norbaiti interesgarria iruditu bazaio, ziur naiz gogoz ikusiko duela Frikipediak País Vasco-ri buruz dioena.

Gabon zaharrak Londonen

Posted 3 urtarrila 2008 by XL
Kategoriak: Gogoetak

Gabon zaharretako Closer techno jaia ez zen guk espero genuen bezain ona izan. Hasteko beste bi sala zeuden inguruan eta jende gehiegi pilatu zen euripean. The Cross-ek eta Canvas-ek ere euren azken gaua ospatu zuten inguruko warehouse guztiak (beraiek barne) bota egingo dituztelako aurki. Closer jaian Luke Slater (argazkian) zen DJ nagusia baina egia esan behar bada ez zitzaidan gehiegi gustatu. lukeslater.jpgGure lagun batek, James Proctorrek, bekokiko literna bat ekarri zuen eta gau guztia ibili zen liternarekin ezezagunei aurpegira apuntatzen. Halako batean Luke Slaterren aurrean jarri zen 15 minutuz edo, Slater lanean zegoen bitartean. Agian Proctorrek deskontzentratu zuen DJ ospetsua.

King’s Cross eta St Pancras tren geltokiak handitzeko obra mastodontikoak egiten ari dira. The Cross, Canvas… eraikuntza zahar guztiak pikutara joango dira 2008 urtean zehar. Londoneko gauan sekulako hutsunea utziko dute. Datorren urtean norbaiten etxean elkartuko gara.