Immigrazioaren auzia

Etorkinak begi txarrez ikusteko benetako arrazoirik, arrazoi orokor eta sendorik, arrazoi arrazoiturik, ez dago. Etorkinen kontrako argudio sendoak dituztela diotenek benetan diagnostikatu gabeko nortasun krisi zorrotza da dutena, besterik ez. Eta etorkinen aurkakoak fededunak badira, orduan ebanjelioak berriro irakurtzeko ordua iritsi dela esango nieke, inoiz irakurri badituzte. “Lapurrak dira”, “arazoak sortzen dituzte” edo “bertakoei baino diru laguntza gehiago ematen zaizkie” mantren jatorria ezjakintasunean dago, eskola garaian irakasleari jaramon gutxi egin izanaren ondorio. Etorkin gehienak beren kabuz baliatzen dira, inori kalterik egin gabe. Badaude haien etorrerarekin lanbide askotako soldatak jaitsi egin direla argudiatzen dutenak, eta ez zaie arrazoirik falta. Baina horren errudunak ez dira etorkinak, egoera ekonomikoa eta enplegatzaileak baizik, eta lan-legedia ere, eta, hartara, gobernua, edo gobernuak, hangoa eta hemengoa. Soldatak jaitsi direla? Bota errua errua daukanari, mesedez. Populismo xenofoboak suspertzen dituen neurrian, immigrazioaren auziak ondorio politiko larriak izan ditzake. Izan ere, Europako demokrazien osasuna eta biziraupena arriskuan daude, eta, tamalez, egoerak ez dirudi hobera egingo duenik.

Zer esan etorkinen alde? Ba behar-beharrezkoak direla, arrazoi ezberdinengatik. Hemen bakarra aipatuko dut, neurekoikeri hutsa bada ere. Beno, aipatu ez, iradoki egingo dut gero bakoitzak kontuak atera ditzan. Eustaten arabera egun Erkidegoko ugalkortasun-indize sintetikoa (emakume batek bere ugalkortasunaren bukaeran izango dituen seme-alaba kopurua) 1,35 da. Aurreko belaunaldia ordezkatzeko emakume bakoitzak 2,1 seme-alaba izan beharko lituzke. Eta berandu da beste baby boom bat izateko. Ez dakit zuei, baina niri, jubilatzen naizenean, pentsioa kobratzea gustatuko litzaidake.

Utzi iruzkina