Telesailfilia

Telebista digitalaren garaiak ikusle espezializatua sortu du. Bizpahiru kate soilik ikusteko aukera zegoenean (inorentzat pleistozenoaz hitz egiten ari naiz, badakit, baina pleiztozeno hau atzoko gauza da) eskaintzak agintzen zuen, ez eskariak. Gauzak aldatzen hasi ziren ordainpeko kateak azaldu ziren unean, baina erabateko eraldatzea mende honetako gauza izan da, doaneko zein ordainpeko hamaika kate digital ikusteko aukera eman zaigunean. Haiseran ez genekien zer ikusi ere, hain zen zabala eskaintza, hain laburrak egunak. Aldagailu automatikoari helduta ingelerazko hitz berri bat ikasi genuen. “Zer ikusi zenuen bart?” “Zapping egin nuen, nola ez”. Ezer ez ikusteko gai ez ginela aitortzea baino hobe zen ingeleskada bat botatzea. Zeren, funtsean, hori zen gertatzen hasi zena: ez genekien zer egin hainbeste katerekin. Baina  pixkanaka ikusleon portaera egoera berrira egokitu da eta jada ez dugu hainbeste zapping egiten. Orain badakigu zer ikusi nahi dugun eta, batez ere, zer ikusi nahi ez dugun. Egia esan, batzuk inoiz baino argiago dute telebistarik gabe hobe bizi direla.

2. Breaking Bad

Ez nator bat azken iritzi horrekin. Esango nuke kateen eta saioen arteko lehiak mesede egin diola bai telebistari bai ikusleari. Kontua da zer ikusi nahi duzun argi izan behar duzula. Salvados eta halakoak gustoko dituzula? Big Brother agian? Eguna futbola ikusten pasatzeko pazientzia duzula? Soilik berriak dituzula gogoko? Aukerak amaigabeak dira. Hala ere, nire uste apalean, XX.mendearen bukaeratik telebistaren ekarpen handiena telesailen hobekuntza nabarmena eta ugaltze ikaragarria izan da. Eta telesailekin batera, halabeharrez, telesailfilia sortu da. Eleberriaren heriotzak eta zinemaren gainbeherak ez du esan nahi gizakiok fikzioa ahaztu eta errealitateari hurbilagotik heldu nahi diogunik. Egungo fikzio hoberena telesailetan sortzen ari da. Aukeratzea besterik ez dago. Fikzioak izaten jarraitzen du errealitatera hurbiltzeko daukagun tresnarik hoberena.

 

Utzi iruzkina