Espainiako etxebizitzen arazoa BBCn
Hogeitamasei urte ditut eta ez daukat ez etxebizitza propiorik ezta hipotekarik. Ez zait inoiz burutik pasatu etxebizitza bat erostea. Zergatik? Arrazoi ugari daude: 1) ez daukat diru nahikorik; 2) beti iruditu zait gehiegizko lotura eta ardura hipoteka batean sartzea; 3) ez naiz bankuen lagun; 4) ez nekien EHn bizi nahi ote nuen ala atzerrian; 5) etxebizitzen salneurria lotsagarria iruditu zait bet, oraingoa noski, baina baita duela hamar urtekoa ere; eta 6) sekulako beldurra ematen didate erabaki handiek (nik behintzat etxebizitza bat erostea erabaki handitzat jotzen dut). EHko nire lagun gehienek pisua erosi dute azken hamar urteetan. Nik ez ordea. Gainera uste dut ez dudala inoiz etxebizitzarik erosiko. Askotan hitz egiten dut etxebizitzen salneurrien inguruan lagunekin, egungo egoera kritikatuz eta inplizituki eurek hartutako erabakia erabaki okerra dela iradokiz; baina egia zera da: beldur naizela ez ote den nirea izango erabaki okerrena.
Egunotan nahikoa lasai nago kontu horrekin, argi baitago hau ez dela momentu egokiena hipoteka bat eskatzeko. Horren froga ugari ikusten ditugu egunero berrietan. Hala ere, gobernuaren aldetik, eta oro har politikarien partetik, ez da nahikoa hitz egiten asunto horren inguruan. Hauteskunde orokorrak hilabete barru izango dira, eta ziur naiz ez dugula etxebizitzekin gertatzen ari denaren inguruan eztabaida handirik entzungo, ez behintzat gaiak merezi duen beste. Ingalaterran harriduraz ikusten dute estatu espainiarrean gertatzen ari dena, eta ez naiz soilik prezioen igokada susmagarriaz ari. BBCaren arabera hori bezain harrigarria da politikariek gaiaz hitz egiteko duten gogoeza. Ikus bestela ondoko bideoa (azpitituluak gazteleraz daude):