Álvaro Pombo idazle ote?
Iazko Planeta saria irabazi zuen Álvaro Pombok La fortuna de Matilda Turpin eleberriarekin. Ez dut ez hori ez Pomboren beste eleberririk irakurri, baina Canal Sur-en egin zioten elkarrizketa ikusi ondoren irrikitan nago bere lanen bat esku artean hartzeko.
Pombok bere literatura metodoa “psicología-ficción” bezala definitzen du, eta kritikariek diote “realismo subjetivo” deritzanaren barnean kokatzen dela bere lana. Egia esan behar badut, ez dakit zertan datzaten ez bata ez bestea. Pomboren eleberriren bat irakurtzen dudanean gogoan izango ditut literaturaren taxonomia aberasten duten bi termino horiek, baina oraingoz ez dute nigan interes berezirik pizten.
Idazle kantabriarrak elkarrizketan zehar esan zuen zerbait iruditu zitzaidan bereziki interesgarria, eta harrigarria. Galdera baten oinohar bezala, garrantzi handirik eman gabe, elkarrizketagileak aipatu zuen Pombok ez zituela eleberriak idazten diktatu baizik. Pombok esan zuen baietz, hala zela, takigrafo batekin egiten zuela lan egunero lau orduz. “Idazleak” burura zetorkiona bota eta takigrafoak papereratu (edo pantailaratu) egiten zuen harek esandakoa. Joder, pentsatu nuen nik, hau bai hau. Pombok gaineratu zuen berarentzat literatura batik bat entzumen-esperientzia bat zela, eta diktatutakoa ez duela irakurri ere egiten, takigrafoak irakurtzen diola! Pombok esan zuen literaturaren historian badirela teknika hori erabili izan duten idazle oso ezagunak: Charles Dickens esaterako, edo Henry James bere azken lanetan. Niri horren inguruan elkarrizketagileak bota ez zituen hainbat galdera etorri zitzaizkidan burura (batez ere galdera teknikoak), baina bat iruditzen zait bereziki garrantzitsua: Álvaro Pombo idazle kontsideratu behar dugu ala beste zerbait? Galdera hori erantzun nahi dudalako irakurri nahi dut bere eleberriren bat.
4 Urria 2007 at 5:29 pm
La verdad es que yo sólo se decir en euskera: kalimocho, aiba la ostia pachi y poco más. Pero sólo quería decirte que ya tengo tu dirección de correo y darte las gracias por tus comentarios en mi blog. Tu página está muy currada, se la ve muy profesional, si la entendiese ya sería la ostia jajaja. Un abrazo desde los madriles, si pasas por aqui avisame y nos tomamos algo. Agur y gora las extremeñas cachondas como la que se me escapó.
5 Urria 2007 at 11:43 am
Hortaz, bere libururen bat irakurri arte, behintzat, behin behinezkoz diktadore deitu beharko genuke.
5 Urria 2007 at 2:49 pm
Ba bai, “fikzioaren diktadore”, adibidez, egokiagoa iruditzen zait idazle baino. Dickens-i uste dut nabaritzen zaiola dikatorearen ikutua. James-i aldiz ez. Elkarrizketzaileak trakigrafoarekin zer-nolako harremana zeukan galdetu zionean, Pombok hitz bakar batekin erantzun zuen: “intermitente.” Nork daki, agian diktadurapean bizi den herri xeheko takigrafo gaixoaren aldizkako haserreak zituen Pombok buruan “intermitente” hitza aukeratu zuenean. Por tzierto, “La fortuna de Matilda” erosi nuen atzo bertan. Ea noiz irakurtzen dudan.
2 Azaroa 2007 at 1:02 am
Irakurtzen nuen bitartean, grabadora batekin bere bakarrizketak grabatzen dituen tipoa imaginatu dut… hori batek baino gehiago egiten duela ere, ziur.