Huelvatik bueltan kutsadura gogoan

Inoiz Huelva hirian egon zaretenok jakingo duzue han ez dagoela gauza gehiegirik ikusteko edo egiteko. Ez dut esango ez daukanik ezer erakargarririk. Tapa ederrak jan daitezke hiri erdialdean diru gutxigatik. Gainera jendea benetan atsegina da (leku gehienetan hala izaten da, baina besterik ez dagoenean garrantzitsua da ezaugarri hau azpimarratzea, horri jarraitzen dioten iritzi ezezkorren eragina leuntzeko).

Huelvan izan naiz astelehenetik ostegunera arte kongresu batean. Egunean zehar betiko aspermendia: hitzaldi, txosten eta bestelakoak bata bestearen atzean, bata bestea baino aspergarriagoa (salbuespenak salbuespen). Gabean tapak eta garagardoak. Gauza da ez genuela azken egunerarte aukerarik izan Huelva inguruko herrixka eta parajeak ikusteko. Nora joan eta leku ezagunenetara: La Rábida-ko monastegia, Palos de la Frontera (Cristobal Colón hemendik atera zen Indiara iristeko asmoz), pixka bat urrunago Mazagón hondartza luze eta hareatsua, eta gero, Huelvarako itzuleran, Río Tinto ibaian gora, Moguer herri ederra (Juan Ramón Jiménez idazlearen jaioterria). Hala ere, toki horiek guztiak baino askoz interesgarriagoa neritzon beste paisaia batek ninduen txundituta: Río Tinto ibaiaren bestaldean ikus daitekeen industriagune ikaragarri handia (ikaragarri hitza hemen oso egokia, ikus argazkia bestela).

Kotxean gindoazen Sevillako tipo batekin. Haren azalpenen arabera jakin genuen hango tximinia eta kerik gabe Huelva hiriak ez lituzkeela egun dituen 150.000 biztanleak izango. Industria kutsagarri haren mende bizi dira familia onuvense asko eta asko. Tximiniek gabez botatzen dute egunean zehar botatzeko ausardiarik ez duten ke zikin guztia. Gabeko hamarretatik aurrera erregai usaina sekulakoa da. Ez ninduen harritu sevillano-ak Huelvan birikiekin loturiko gaixotasun kopurua (kantzerra barne) ikaragarria dela esan zuenean.

huelva-kontaminazioa-ii.jpg

Kalteak kalte, Huelvako industria paisaia sekulakoa da. Albokoa Blade Runner filmetik hartutako fotograma dela uste baduzue oker zaudete. Goiko industriagune berdina da baina gabez. Huelva la nuit.

Explore posts in the same categories: Gogoetak

3 Comments on “Huelvatik bueltan kutsadura gogoan”

  1. balaklaba Says:

    Argazki, pintura… erakusketetan ia beti dago paisaia industrialen bat, baina uste dut ez naizela sekula egon paisaia hauei buruzko monografiko batean. Ea inork antolatzen duen inoiz bat! Googlen sekulako “industrial landscape”ak aurki daitezke, baita riotintoko industrialdekoak ere. Dena dela, azken hauek ez dira asko eta direnei faltan nabari zaie erresoluzio (askoz) handiagoa (goiko bi horiei barne).

  2. XL Says:

    Goian aipatu sevillanoak esan zidan Riotintoko industria paisaia flipantea iruditzen zitzaiola eta argazki saio luze bati ekiteko asmoa zeukala (fotografian aditua omen zen tipoa). Hori bertatik pasa aurretik esan zidan eta gogoratzen dut pentsatu nuela “joder, industrialdeak gogoko dituen tipo bat, menudo majadero”. Baina gero, lagun talde batekin Mazagonera garagardo batzuk hartzera joan ginenean, konturatu nintzen arrazoia zeukala. “Blade Runner” sevillanoak berak aipatu zuen eta arrazoi osoz. Nik ez nuen argazki kamararik eraman. Eskerrak Google daukagun.

    Balaklaba, erakusketa interesgarria litzateke zuk proposatzen duzuna. Ziur egina dela baina beti gelditzen da zerbait berria esateko edo erakusteko.

  3. nagore Says:

    Koldo Izagirre idazleak liburu batean esaten duen moduan: “portutik urrun irtenda, mundu berririk ez da, baina bihotza duenak, badu barkua non bete berba”.


Comment: