Lolita: zenbait gauza idatziz soilik konta daitezke?
“Lolita, luz de mi vida, fuego de mis entrañas. Pecado mío, alma mía.” Bi esaldiokin hasten du Humbert Humbert-ek bere konfesioa (edo Vladimir Nabokov-ek bere eleberri ospetsua). Abuztuan irakurri nuen Lolita eta duela gutxi izan dut Stanley Kubrick-en egokitzapen zinematrografikoa ikusteko aukera. Bata irakurri eta bestea ikusi duzuenok sumatuko duzue zertaz hitz egitera noan.
Eleberrian Humbert europarrak bere bizitzako maiteaz hitz egiten digu: Dolores Haze, 12 urteko “nínfula” amerikarra (Humbert arranditsuak nahiago nínfula hitza neskato baino). “Era Lo, sencillamente Lo, por la mañana, un metro cuarenta y ocho de estatura con pies descalzos. Era Lola con pantalones. Era Dolly en la escuela. Era Dolores cuando firmaba. Pero en mis brazos era siempre Lolita.” Baina nire besoetan beti zen Lolita! 12 urteko neskato bat berrogei urtetik gorako gizon baten besoetan! Pentsa nolako zalaparta montatu zen 1955ean eleberria kaleratu zenean.
Garrantzitsua da, Nabokov-ek eleberri bukaeran azpimarratzen duen bezala, gauza bat argi izatea: Humbert pedofiloa ez da, inolaz ere, Nabokov-en alter ego-a. Hala ere, Nabokov-en asmoa ez zen irakurleari moralitate ikasgai bat ematea. Berak aitortu bezala: “Hay espiritus apacibles que declararán sin sentido a Lolita porque no les enseña nada. No soy lector ni autor de novelas didácticas, y … Lolita no tiene lastre moralizante. Para mí, una obra de ficción sólo existe en la medida en que me proporciona lo que llamaré lisa y llanamente placer estético, es decir, la sensación de que es algo, en algún lugar, relacionado con otros estados de ser en que el arte (curiosidad, ternura, bondad, éxtasis) es la norma.”
Nire iritziz eleberriak batez ere hiru gauza ditu oso bereziak direnak: Lehena goian aipatutakoa, pedofilo baten konfesioa dela (Humbert-ek pedofilia beharrean “pedorosis” hitza darabil), duela 50 urte baino gehiago idatzia gainera; bigarrena, Nabokov-ek, ordu arte errusieraz soilik argitaratu izan zuen idazleak, Lolita ingelesez idatzi zuela (jatorrizko bertsioa irakurtzerik duenak ez dezala aukera galdu); eta, hirugarren berezitasuna, eleberria komedia beltz bat dela (jatorrizko ingeleran askoz humoretsuagoa eta beltzagoa gaztelerazko itzulpenean baino). Hiru ezaugarrion konbinaziotik Lolita bezalako eleberria sortzeko gai den idazlea sekulako idazlea da, baina sekulakoa. Liburua kaleratu eta denbora gutxira, Vanity Fair aldizkariak zera zioen Lolita-ri buruz: “The only convincing love story of our century”.
1962ko ekainean Stanley Kubrick-ek zuzendutako egokitzapena estreinatu zen. Ordurako Lolita-ren inguruko polemika ondo hedatua zen munduan zehar. Filma promozionatzeko eslogan hau erabili zuten: “How did they ever make a movie of Lolita?”. Ez zen beste aurkezpenik behar ikusleak zinema aretoetara erakartzeko. Esloganeko galderak zera ematen zuen aditzera: filma liburua bezain eskandalagarria zela. Aldiz, The New York Times-eko kritikaria ez zen iritzi berekoa, zera idatzi baitzuen filmaren esloganeko galderari buruz: “The answer to that question is as simple as this: They didn’t.” Hau da, ez zuten liburuaren filmerik egin. Lolita filma ez da Lolita eleberriaren egokitzapena, beste istorio bat baizik. Egia da liburuak eta filmak pertsonai berdinak dituztela eta istorio nolabait (bakarrik nolabait) berdina kontatzen dutela, baina erabat desberdinak dira. Liburua askoz (baina askoz) ausartagoa da, askoz humoretsuagoa eta askoz gogorragoa. Egia da James Mason (Humbert) eta Sue Lyon (Lolita) aktoreek lan galanta egiten dutela filmean, baina filmeari gauza inportante bat falta zaio: Lolitak ez dirudi 12 urte dituenik, 16 (nire arabera) edo 17 (New York Times-eko kritikariaren arabera) baizik. Eleberriaren bukaeran Lolitak 17 urte ditu, egia da, baina haseran, Humbert-ek, Lolitarekin egon ahal izateko, Lolitaren amarekin ezkontzea erabakitzen duenean, gero emaztea garbitzea planeatzen duenean, Lolitarekin ihes egiten duenean, eta biek sexu harremanak dituztenean (bai, sexu harremanak), Lolitak 12 urte besterik ez ditu.
Posible al da 12 urteko neskato batekin aurreko guztia kontatzen duen film bat egitea? Nabokov-ek berak idatzi zuen Kubrick-en filmaren gidoia eta uste dut argi izan zuela bere istorioa idatziz soilik konta zitekeela, ez irudiak erabiliz.
12 Iraila 2007 at 10:44 am
Ez dut liburua irakurtzeko aukerarik izan baina behin baino gehiagotan entzun dut Kubrick-en filma ez dela oso fidela liburuarekin. Filma ausarta iruditzen zait, baina esan duzun bezala ez horrenbeste.
Ikusi al duzu film horren remakea? Edo hobeto esanda, liburuaren beste adaptazioa? Esan didatenaren arabera ausartagoa da, eta ondorioz fidelagoa.
12 Iraila 2007 at 11:59 am
Ez, ez dut ikusi. Bideokluban eskatu nuen baina ez zeukaten. Zuk diozunaren susmoa neukan nik ere, zeren bestela zer beste arrazoi egon zitekeen eleberriaren film berri bat egiteko. Baina Adrian Lyne ez denez nire gustoko zuzendaria eta Jeremy Irons-ek nekatu egiten nauenez, bada ez nintzen filmak jaso zituen kritikak irakurtzeaz kezkatu ere egin, txarra izango zela pentsatuz. Akats galanta. Zure mezua irakurri ostean New york Times-ek daukan data basean (sekulakoa, milaka filmeren kritikak doan) begiratu dut, eta zuk diozun berdina diote: filmak askoz hurbilagotik jarraitzen du eleberrian gertatzen direnak. Hala ere, ez daukat oso argi kritikariak eleberria irakurri duen, ala film berria zaharrarekin soilik konparatzen ari ote den. Gauza da ez duela Dominique Swain-en (Lolita bertsio berrian) adinaz ezer esaten. Nik Dominique Swain-en webgune ofizialean begiratu dut eta hara, 1980an jaioa da. Filma 1997koa da. Beraz atera kontuak. Arazo berdinarekin egiten dugu topo.
Eleberria irakurtzea biziki gomendatzen dizut. Niri lagun ingeles batzuk esan zidaten sekulakoa zela, eta nik, istorioa ezagutzen nuela pentsatuz (filma ikusi gabe ere, uste nuen guztiok dakigula zerbait Lolitaren istorioari buruz), ez nion liburuari heltzen. Baina heldu nionean… uf, irakurri dudan eleberri hoberenetako bat, zalantzarik gabe. Komedia beltz ikaragarri ona.