“Acúsome que he tenido pensamientos torpes”

Duela bost urte aurkitu nituen XVIII. mendeko eskutitz eta paper batzuen harira, historialari eta egungo prentsa horian aritzen diren kazetarien arteko konparazio bat darabilt buruan. Aztergai dituzten pertsonak garai desberdinetakoak izanik ere, historialarien eta prentsa horiko kazetarien helburu nagusia pertsonon intimitatea lau haizetara zabaltzea da (historialariak arrakasta gutxiagorekin, noski). Badakit planteamendu horrek gauzak gehiegi sinplifikatzen dituela, zeren historialariak “prozesu historikoetaz” arduratzen dira, gizakion portaera ulertu nahian, ekonomian, politikan eta bestelako arlo garrantzitsuetan izan zuen eragina antzemateko; prentsa horiak, aldiz, ez dauka hain helburu gogaikarririk. Baina horrek ez du goian esandakoa ezeztatzen: historialariek pertsonen intimitatera iritsi nahi dute (gizarte eta kultura historialariak batik-bat, eta biografoak ere, noski), kosta ahala kosta. Horretan prentsa horikoekin uste baino gehiago dute komunean.

Hala ere, iraganeko trapu zikinak argitaratzeak (gero eta zaharragoak hobe) badu halako patina kultural aberasgarri bat (kulturala ez ezik seguruenera intelektuala eta morala ere bai): uste hedatua da, uste ia dogmatikoa, iragana arakatzen duenak (iragan historikoa) egungo gizarteari mesede galanta egiten diola pentsatzea. Atapuercako gizakien praktika sexualen berri ematen digute eta aho zabalik gelditzen gara, arkeologoen lana (historialariena azken finean) zeinen interesgarria eta irakasgarria den pentsatuz. Aldiz, prentsa horiko idazleek edo tertulianoek nahikoa dute zerbait (edozer) esatea egungo famosoei buruz eta, bat-batean, gure begien aurrean kazetaritza sasikazetaritza bihurtzen da eta famosoak sasifamoso. Guztiak kartzelan sartuko balituzte hobe, pentsatuko du norbaitek. Argi dago bi profesioen arteko desberdintasunak nabariak direla, baina sarritan antzekotasunak ahaztu egiten ditugu.

Azken sei urteak XVIII. mendeko merkatariak ikertzen pasa ditut, merkataritza transatlantikoan aritzen zirenak batez ere, euren arteko harremanen izaera ezagutu asmoz: nola ezagutzen zuten elkar? nola eta zenbatero mantentzen ziren elkarrekin kontaktuan? eta, batez ere, zer garrantzi zeukan euren arteko harremanean konfiantzak? Adibidez: Cadizen bizi zen merkatari batek bere merkagaiak itsasontziz Mexikora bidaltzen zituenean, nor aukeratzen zuen merkagaiok han saltzeko? Komunikabideak hain geldoak eta oro har txarrak izanik, nola zekien Cadizekoak Mexikoko agenteak ez ziola iruzur egingo? Galdera sinple horien inguruan egituratu nuen nire ikerketa, baina berehala konturatu nintzen erantzunak aurkitzea ez zela galderak planteatzea bezain erreza izango. Hasteko arazo handi bati egin beharko nion aurre: iturri idatzien urritasuna. Tamalez Aro Berriko merkatarien eskutitz eta artxibo pribatu oso gutxi kontserbatu izan dira, eta nire galderak erantzuteko behar-beharrezko nuen merkatarien gogoeta intimoenak ere ezagutzea, eta ez pare bat merkatarirenak soilik, merkatari talde handi batenak baizik.

Iturri miragarriok Londonen aurkitu nituen, oso modu bitxian gainera. XVIII. mendean, Erresuma Batua eta Espania elkarren kontrako etsai izan ziren bost gerra nagusitan, bostak mendean zehar ondo sakabanatuak gainera. kanoikadaka.jpgGerrok batik-bat itsasoan gauzatu ziren, gehienetan Master and Commander filmean agertzen denaren estilora, kanoikadaka baina etsaia hondoratzeko asmorik gabe. Etsaiaren itsasontzia harrapatzea zen helburu nagusia, gero harrapatzaileek (errege-gerraontzi zein kortsario) harrapakina saltzeko eskubidea zutelako. Erraz asma daiteke zein zen harrapakin desiratuena: merkagai garestiz gainezka zihoazen merkataritza itsasontzi handi eta babesgabeak. Halako batekin Atlantiko erdian topo egitea, hori zen kortsario guztien ametsa.

Ingelesek ehundaka itsasontzi espainiar eta frantses harrapatu zituzten XVIII. mendean zehar. Espainiar itsasontziak zituzten bereziki gogoko zeren askotan, Ameriketako kolonietatik bueltan, zilarrez gainezka etortzen baitziren. Hain harrapakin mamitsurik aurkitu ezinean ibiltzen zirenean, aldiz, ingelesak Bizkaiko golkoan barneratzen ziren inguru haietako ontzi txikiak ehizatzera (gehienak euskaldun gizarajoak, inoiz euskal kortsarioren bat ere). dscn1395.jpgGauza da itsasontziak eta kargak ez ezik, ingelesek espaniarrek (agian hobe litzateke Espainiako erregearen mendean zeuden lurretako biztanleak esatea, espainiarrak beharrean) zeramatzaten korrespondentzia eta mota guztitako paperak ere atzematen zituztela. Ikus alboko argazkian 1779. urtean Limatik Cadizerako bidean zihoala harrapatua izan zen La Perla itsasontziak zeramatzan gutunazalak. Argazkian 350 gutunazal azaltzen dira, baina guztira ingelesek La Perla-tik 2.000 gutunazal atzeman zituzten, hau da, argazkikoa bezalako beste bost kutxa. Pentsa zenbat jenderen intimitateak ezagutu daitezkeen gutunazal horien barruan dauden eskutitzak irakurriz gero. Nire kalkuluen arabera 540 igorle eta 926 hartzaileren izenak daude hor. Esan beharrik ere ez dago eskutitzok ez zirela inoiz hartzaileen eskuetara iritsi. Nik aurkitu nituen arte ez zituen inork irakurri. Zalantzarik gabe edozein historialariren inbidia. Orain pentsa atzo bertan idatzitako 2.000 gutunazalekin egiten duzuela topo, eta demagun egunkari batean eskutitzon inguruko artikulu luze bat idazten duzuela, pertsona konkretuen izen, helbide eta trapu zikinak aipatuz. Errespetu hitza etorriko zaizue gehienoi burura, edo errespetu falta, hobe esanda. Baina eskutitzek berrehun urtetik gora dituztenean, errespetu falta ote da gure jakingura asetzea? Noiz kadukatzen da pertsonen pribazitatearenganako errespetua?

La Perla-ko korrespondentzia erabiliz pare bat artikulu argitaratu izan dut. Seguruenera liburu bat ere aterako da datorren urtean ez bada hurrengoan. Hemen nahiago dut beste adibide txikiago bati buruz hitz egin, kapitain euskaldun baten paperen inguruan hain zuzen ere.

Zeren ingelesek harrapatzen zituzten ontzietako kapitainen paperak ere bereganatzen zituzten. Bilboko kontsuletxearen armarriaKapitainen paperen artean denetarik dago: merkatariek igorritako eskutitzak, kapitainaren senide eta lagunek bidalitakoak, itsasontziaren kontu liburuak (gastuak, marinelen soldatak etb.), nabigazio eskuliburak (eskuz egindako mapa eta guzti, adibidez, Cabo de Hornos bezain pasarte zailetan nola moldatu adieraziz), edo nabigatzeko pasaporte eta baimenak, normalean Espainiako erregeak edo tokian-tokiko kontsulatuek (merkatarien elkarteak, Donostian eta Bilbon zeudenak bezalakoak) emandakoak. (Ikus alboko argazkian Bilboko kontsulatuaren armarria, 1778. urtean eskuz egina.)

Hemen aipatu nahi ditudan dokumentuak José de Segura kapitain getariarrarenak dira (getariar gipuzkoarra, ez lapurtarra). Berak agintzen zuen 90 tonako ontziaren izena Nuestra Señora de los Remedios zen; ontziaren jabea Buenos Aireseko merkatari euskaldun aberats bat, Francisco Antonio de Belaustegui. 1798ko urrian, ingelesek harrapatu zutenean, Seguraren ontzia Buenos Airesetik zetorren Cadizerako bidean. Ontziak haragi, txerriki, gurin, xaboi eta larru karga zeraman. Segura kapitainaz gain eskifaia beste hamalau lagunek osatzen zuten, haien artean euskaldun bat (Galo Antonio de Arteaga gasteiztarra) eta bi esklabu beltz.

Ingalaterran epaitua izan zenean, Segura kapitainak deklaratu zuen momentu hartan 39 urte zituela eta etxebizitza jaioterrian bertan zeukala, Getarian alegia. Nik bere gauzen artean 12 eskutitz eta papertxo txiki bat aurkitu nituen. Eskutitz horietako baten bi zati eta papertxo txikiko testua transkribatuko ditut azpiko lerroetan.

barra.jpgEskutitza bere emazteak, María Francisca de Mendizabalek, bidali zion Getariatik bertatik. Eskutitzak 1797ko urriaren 12ko data darama eta hala dio (hitzez-hitz eta hizkiz-hizki transkribatuta, akats ortografiko eta guzti): “Querido Esposo: me halegrare que al recibo de esta te halles con salud; yo estoy buena con toda nuestra familia, aun estoy siempre anelada por saber tus notisias, pues de este sali de Cadiz azta aora no he recibido otra carta sino una sola llegada de Montevideo, pues consideradas bien como puedo estar pues por motibo de estas Gerras se carese de dia en dia todas las cosas, pienses bien que familia tengo en estas pasados años. No tengo probecho hasta que binieses con los sueldos del Rey pues mi memoria anda siempre pensando las cosas presisas para manutencion de mi familia; aora mismo tardara esta guerra, eso me quita el sueño.”

María Franciscaren eskutitzaren azpian bada bere aizpak idatzitako (edo diktatutako) beste pasarte bat. Hala dio: “Nere coñado maytea: emen bisi guera familia bioc alcarren compañean alcarri guere aleguinean lagunduaz. Zure notisien esperazen correoa pasa ta correoaren beguira judioac Mesiasen etorreraren beçela, orra nere semearen letra su satozen arte lecu on batera dirijiseco reçibituco dituzu ysecorequin beste guçien memoriac, eta nere partes laztan bat sure coñata Curuza, Francisco de Aristondo.”

Gorago “diktatua” esan dut zeren eskutitzaren bukaeran azaltzen den Francisco de Aristondo hori da eskutitza idatzi zuena, Segura kapitainaren iloba. Seguruenera ilobari tokatuko zitzaion eskutitza idaztea bere amak eta izebak idazten ez zekitelako. Litekeena da ere María Franciscak bere eskutitza ilobari euskaraz diktatu eta ilobak esandakoaren gaztelerazko itzulpena idatzi izana. Intimitateaz ari garela, argi dago idazten ez zekien norbaitek intimitate gutxi izan zezakeela bere sentimenduak edo sekretuak papereratzeko orduan. Izan ere Aro Berrian, halabeharrez, eskutitzen edo liburuen irakurketa taldean elkartuta egitea oso arrunta zen: irakurtzen zekien batek ozenki irakurtzen zuen etxekoek edo lagunek (afaltzen zeuden bitartean, esaterako, edo lanean) entzun zezaten. Egungo irratsasio bat bailitzan.

Beraz, XVIII. mendean gogoeta intimoenak idatzi ahal izateko beharrezko den pribazitatea idazten zekitenen pribilegioa zen. Segura kapitainak gauza biak zituen: alfabetatua zen (kapitain gehienen antzera) eta, bere itsasontziak Atlantikoa zeharkatzen zuen bitartean, denbora asko zeukan bere gelan bakarrik egoteko, edozerri buruan buelta eta buelta emateko, besteak-beste egindako bekatuengatik errudun sentitzeko.

Eta zer bekatu ziren ba horiek? Agian, prentsa horiaz esandakoa gogoratuz, gure buruari galdetu beharko genioke ea guk Seguraren bekatuen berri izateko eskubidea daukagun ala ez, edo ea sekretu hori jakin nahi izatea moralgabetzat har daitekeen ala ez, zeren gorago aipatu papertxoan Segurak idatzi zuena irakurle biri soilik zegoen zuzendua: bere konfesoreari eta jainkoari, ez beste inori. Baina tentazioa handiegia da. Benetan diot: azpian daukazuen dokumentua bezalakorik ez da inoiz inon aurkitu, ez behintzat XVIII. menderako. Segurak honela deskribatu zituen berak egindako bekatuak (azpian transkribatuko dudan testua moralgabea delako susmoa duzuenok garaiz zaudete irakurketa hemen bertan bukatzeko, orain):

“-Acúsome que he tenido rencor al prójimo como [hace] seis meses.
-Acúsome que le he dicho una vez palabras injuriosas y le he escusado el saludar; también he hecho poner mal a los prójimos con el amo: 2 pecados.
-Acúsome que he tenido pensamientos torpes y deseado la ejecución con donzella en 7 meses, con otra hace 8 meses.
-Como una dozena de veses algunos tocamientos con la tal donzella y conversación deshonesta.
-Conversaciones peligrosas con ella y algunos versos una ves.
-Acúsome de tocamientos deshonestos conmigo como algunas 20 veses, como ambisiando en este visio de bestialidad.”

Explore posts in the same categories: Gogoetak

2 Comments on ““Acúsome que he tenido pensamientos torpes””

  1. Anian Says:

    Ikaragarria da zein punturaino garatu diren komunikazioak, bai garraiobidei buruz ari garenean, baita harreman pertsonalez ari garenean, eta zein gutxi aldatu den pertsonen izaera edo jokamoldeak. Aldatzen dira azalekoak, erropak, itxurak… baina funtsean antzeratsu jokatzen dugu lehen eta orain. Kode genetikoaren kontua behar du izan. Prentsa horiaren eta historialarien arteko antzekotasunak baino gehiago azkenean pertsonen jokamoldea dela gakoa esango nuke. Pare bat laguni eman diet hemen idatzitakoa eta inor ez da geratu Jose de Segurak bere papertxoan idatzitakoak irakurri gabe, autorearen ohartarazpena ohartarazpen aurrera jarraitu dute denek. Baita nik ere, noski.
    Ikaragarri da zenbateraino aldatu den mundua, ia beste mundu batzuk ezagutzeko gauza bagara eta zein gutxi aldatu den pertsonen jokamoldea. Jose de Seguraren ohartxoa Jaungoikoari (edo elizari) zion beldurretik idatzitakoa da. Auzo-lotsa puntu bat ere sentitzen da Kapitain bat, gizon bat, arrautzak belztutakoa, horrelako gauzak idazten imajinatzea lerrook irakurtzen ari zarenean. Konfesoreari eta Jaungoikoari. Oraindik ere haurrek lehenenego jaunartzea egin behar dutenean antzerako esperientzia biziko dute, eta zer esanik ez oraindik ere konfesatzera joaten diren pertsona heldu eta zaharrak. Zenbat eta zein gutxi aldatu den mundua.

  2. XL Says:

    Nik behintzat jaunartzea egin nuenean ez dut uste jainkoaren beldur nintzenik (gerora ere ez diodan izan moduan, jainkoari eskerrak ateoa bainaiz). Konfesatzearena ere deskojono hutsa zen, agian bekatua beti zelako berdina: amarik kasu ez egitea. Azkenengoz uste dut bederatzi urterekin konfesatu nintzela.
    Anian, niri batez ere bekatuak idaztearen kontua interesatzen zait. Segura kapitainak papertxoa bere konfesoreari emateko asmoa ote zeukan? Jakina da eleizgizonentzat euren elizaterren bekatuak ezagutzeak sekulako boterea ematen ziela, askotan informazio baliotsuaren jabe bihurtzen zituelako. Nire amak kontatu zidan behin (nire ama Zeanurikoa da) txikitan eurek ere bekatuak paperan jartzen zituztela eta gero, konfesatzerakoan, apaizari ematen zizkiotela paperok. 1950 hamarakadako Zeanurin!!! Ez dakit nagusiagoekin ere hala egingo zuten.


Comment: